XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) eta handik lasterrera kontinente berrira abiatzen dira.

Eta hementxe, Newporten konkretuki, idatziko du jendartean arrakastarik handiena lortuko duen obretariko bat, Alciphron, librepentsalarien aurkako eraso bat dena.

Ikastetxea sortzeko behar zuen gobernu ingelesaren laguntzari begira aspertuta, laguntza sekula ez dela iritsiko ziur jakin ondoren, Londresera itzultzea erabakitzen du, non Cloyneko Apezpiku izendatzen duten, elizbarruti honetan hamazortzi urtez biziko delarik.

1744n Siris publikatuko du, arrakasta ikusgarria izango duen eta zenbait hizkuntzatara itzuliko den obra berau.

Arrakastaren zergati nagusia, liburu horretan Amerikan egon zenean indiarrei ikasitako errezeta bat sartu izana da, zeinak, alkitran-urak dituen sendatzeko tasunak probetxatuz, gaisotasun askori erremedioa aurkitzeko balioko zukeen.

Eta emaitzak nahiko onak bide ziren, zeren Ingalaterrako erreginak berak eta are Berkeleyk eta beronen familiak ere edan zuten edabe hori.

Osasunez nahiko jota, Cloyneko urte luzeen ondoren, Oxfordera doa bizitzera, bere semeak ikasketei jarraipena han eman ahal izateko.

Hiri honetara heldu eta hilabete gutxitara hil egiten da, 1753ko urtarrilean.

GIZA EZAGUTZAREN PRINTZIPIOEI BURUZKO TRATATUA

a) Obra honek letren errepublika izan zuen harrera

Berkeleyren obrarik garrantzitsuena eta haren pentsamendua ongien isladatzen duena, ezbairik gabe, jarraian itzulita eskaintzen den Giza Ezagutzaren Printzipioei buruzko Tratatua da.

Obra hau 1710eko Maiatzean argitaratu zen Dublinen, beronen autoreak hogeita zortzi urte besterik ez zituela.